Sortzen 2012rako txanda-antolaketa

Gainean dugu Euskal Eskola Publikoaren Festa, Sortzen-Ikasbatuazek sustatu eta aurten Berriozar antolatzen ari dena. Maiatzaren 20a, igandea, berehala heldu da eta, hortaz, lanean segitu eta azken ardurak lotu behar ditugu.

Urtean egiten diren lanak oso aurreratuta daude. Lortutako publizitatea aldizkariaren kostua baino gehiagokoa da. Saltokietan erronda egin eta behar ziren tonbolako sariak eskuratu dira. Material salmentari azkeneko bultzada baino ez zaio falta, dagoeneko helburuaren 2/3 lortu baitira. Festa eguneko programazioa ia erabat itxita dago. Sustapen materialak eta ekoizpen didaktikoak (ipuina, komikia, kamishibai formaturako egokitzapena…) prest daude bideoaren muntaia izan ezik, baina hori ere laster burutuko da.

Azkeneko erronka falta zaigu. Ez da ahuntzaren mihia. Izan ere, festako kolaboratzaileen txandak antolatu eta osatu behar ditugu. Aste Santua baino lehen muntaiaren eta desmuntaiaren txandak prestatu behar ditugu. Hori maiatzaren egun hauetan, goizetik, eginen da: 17, osteguna; 18, ostirala; 19, larunbata; eta 21, astelehena. Igor itzazu izena, telefonoa eta libre dituzun goizak poldemi@gmail.com helbidera e-mail batez edo.

Apirilaren 19an, ostegunarekin, Mendialdea ikastetxeko ospakizun aretoan batzar bat eginen da 17:30ean Sortzen-Ikasbatuazen bideoklipa aurkezteko eta festaren gainerako txandak antolatzeko.

Gogoan izan Sortzenen informazio orokorra www.mendialdeage.org web orrian duzuela eta materiala salgai dagoela Arroxalin loradendan.

GU ERE ESKOLA PUBLIKOAREN ALDE!!

Leave a Reply

Required fields are marked*